Azken puntua jarrita, eguneroko bidean

2011(e)ko Abenduak 9
Nork

"Herrian egin den arte garaikideko lehen erakusketa da", dio Joseba Langarak. Baserrian egin dituen edo aretoan bertan egiten ari den lanak ditu ikusgai, Arrietako txoko zaharra egondako lekuan. Iragan azaroaren 19tik egunero-egunero izan du zabalik, eta halaxe jarraituko du abenduaren 19a bitarte —astebete luzatzen ahaleginduko da, Gabon egunera arte—.

Nekazaritzari lotuta egon da Arrieta herria, eta, Langararen esanetan, askok diote, barrura sartzera gonbidatzen dituenean, ez dutela ulertzen arteaz. Eskulturetako batzuk txokoko barra izandakoaren gainean dauzka jarrita, eta atondu egin behar izan du erakusketarako. Adibidez, barratik sabaira artekoa estali egin du. "Batzuek goikoari begiratzen diote. Beste batzuek behekoari, barrari berari. 'Ze dotore jarri duzun', esaten didate. Baina ez dira ausartzen erdira begiratzera". Lanei erreparatzeko beldur direla uste du, eta, bere irudiko, bere egitekoa da beldur hori uxatzea.

"Musikaz jakin ez arren, askorik ulertu ez arren, denok entzuten dugu autoan edo irratian edo beste edonon. Eta gustatzen zaigu edo ez zaigu gustatzen entzuten ari garen hori. Eskulturarekin beste horrenbeste gertatzen da. Ez da ezer ulertu behar", esaten die Langarak erakusketara joaten direnei. Musikarekin egindako alderaketa horrekin jarraituz, eskultura ere "melodia, erritmoa eta harmonia" dela iruditzen zaio.

Arratsaldero egoten da jendearen zain. 18:00etan irekitzen du lokala, eta 21:00ak arte izaten du zabalik, astelehenetik igandera bitartean. Udazken bukaerako egun laburrotan, ordurako gaututa egoten da. Hala, kriseilu batekin egiten die harrera Langarak. Atarian dauka jarrita, barruan dagoen kandelaren argia urrunetik ikus daitekeela.

Erakusketara sartu aurretik, hala ere, bada zer ikusirik. Plazatik iritsi eta aurrez aurrez ortuan lan egiteko erabiltzen dela edo erabili izan dela dirudien makina bat dago jarrita. Horman dago eskultura horren azalpena, ingelesez idatzita. Alde batean, zer den eta zertarako den azaltzen du testuak; aldamenean, osatzen duten piezak ageri dira. XX. mende hasierakoa dela irakur daiteke. "Tabernan zeuden bi gizon etorri zitzaizkidan lehengoan. Batek ingelesez bazekien, eta, testua irakurritakoan, makina zertarako zen azaltzen hasi zitzaion besteari. 'Bai zera! Ez duzu ikusten aurrean autoko jasogailuak dituela ala?', erantzun zion", gogoratu du. Bisitariak asmatu beharko du zein den eskultura bihurtutako tramankulu horren egia.

Eraikinaren atzeko aldean dago kaleko bigarren eskultura. Txokoa erre egin zen duela hiruzpalau urte, eta orduko sukaldea izandakoaren hondakinen artean ezkutatu du Langarak, Arrietako elizaren aterpean. Bilboko Erribera merkatuan jarri zuen erakusketa baterako egindako pieza baten zatia da. Harako lan hark Bilboko itsasadarra irudikatzen zuen, eta Arrietan dagoen zatiak Ibaizabalek itsasoratzean ezker-eskuin izan dituen garabien antza dauka.

Hain zuzen ere, sute haren lekukotza bildu du Langarak eskultura batean. Sukalde izandakoaren horma zati bat eta hondakin artean aurkitutako aiztoa izan ditu abiapuntu. "Lan honek seguruenik Arrietakoa ez den norbaitentzat ez du aparteko esanahirik izango, baina herrikoei kontu asko ekartzen dizkie gogora". Azken batean, bere esanetan, bereziki Arrietan eta arrietarrentzat egindako erakusketa da berea. Hain zuzen ere, eskulturetako asko egunez egun aldatuz doaz; oraindik bukatzeke daude.

Zuzenean lan egiten du, arratsaldero bertan igarotzen dituen hiru orduetan. Berak bertsolaritzarekin alderatzen du erakusketa. "Bertsolariei gaia ematen zaie, eta haiek azken puntua pentsatzen dute aurrena. Gero hasiko dira bertsoa osatzen. Nik ere badakit nora joan nahi dudan erakusketa honekin, baina egunez egun noa bidea osatzen". Dena den, arestian aipatu bezala, herrira bizitzen etorri aurretiko lanak ere baditu erakusgai. Zazpi urte izango ditu zaharrenak. Bakoitzak nortasun propioa duela dio, eta eurek eskatzen dutela bilakaera bat, dagokiena.

Parte hartzeko tartea

Gehienak bereak diren arren, bisitarietako batek ekarritako elementuak ere ikusgai jarri ditu Langarak. "Ez da erakusketa kolektiboa, baina hauek ere hemen egon behar zutela iruditzen zait". Arrietako Jainko auzoko bizilaguna da Jon Bilbao. Txoko zaharretik igaro, erakusketa ikusi eta Langarari berak etxean egindako gailu batzuen berri eman zion.

Esaterako, makurtzeko arazoak dituela eta, galtzerdiak jartzeko berak asmatutako tramankulu bat ekarri dio. Edo intxaurrak tente dagoela biltzeko beste bat. Baita frontoian jokatzeko pala bat ere, aizkorarekin egindakoa. Langararen esanetan, "baserri diseinua ordezkatzen dute", eta horiek ere lekua behar dute Arrieta bezalako nekazari herri baten egingo den erakusketan.

Izan ere, Langarak proposamenak onartzen ditu. "Baina ez hau edo beste egin behar duzu esatea". Eskultura lana aurrean duela, hari buruzko elkarrizketaren baitan sortzen diren ideiak gustura hartzen ditu. Musikak ere badu garrantzia. Euskal kantu zaharren bertsio berri eta gaurkotuek osatzen dute soinu banda. Aukeraketak, gainera, ikusgai dauden eskultura, argazki edota margolanetara gerturatzen laguntzen du.

Gaurko eskaintza
argazkia
Galerna Zarautz Hostel
18,00 €

deskontua

%15

Berriketan.info

Viewing item 1 to 3 (of 3 items)